iruñea. Orain bi urte hasi zen kontzertu akustikoak eskaintzen. Arrazoi teknikoengatik batzutan, artistikoengatik bestetan, tarteka errepikatu ditu geroztik. Gaur bere aurpegi hurbilena erakutsiko du Iruñean Ruper Ordorikak.
Kantautore edo rockeroa?
Niretzat rocka ez dela klixe bat, ez da janzkera bat soilik, ez da erritmo bat, nire sasoiko herri kultura da, eta egiten dudanaren muinean dago, nahiz eta askotan formalki horrela ez izan. Jarrera bat da niretzat rocka, ez da itxuran dagoen zerbait, eta asko lagundu dit mundua ulertzeko. Kantautorearena oso hitz gutxietsia izan da. Baina berez esanahi duenarekin bat nator, hau da, kantuak egin eta kantatzen duena.
Nolakoa da akustikoa?
Beste era bateko emanaldia da, nire kontzertuetara etorri direnek garbi ikusiko duten bezala. Azken bi urte hauetan eman izan ditugu zenbaitetan. Asko gustatzen zait horrela ibiltzea. Erraldoien Txokoan egiteko oso kontzertu egokia dela uste dut.
Nola sortu zen ideia?
Aspaldiko kontua da. Nik beti izan dut horrelako zerbait egiteko asmoa. Lehenengo saioak orain bi urte egin genituen Bilboko Kafe Antzokian, hiru egunez jarraian. Goiko aretoan izan zen, 150 lagunen aurrean. Hiru Trukurekin ere ibili naiz, eta balore ezberdinetan ibiltzera ohituta nago, eta maite dut gainera.
Erraz egiten da akustikoa eta elektrikoaren arteko 'txip' aldaketa?
Ba ez errazki, egia esan.Taldearen antolamenduak arreta handia behar du, beste eszenatoki batzuk eta beste bete behar batzuk ere antolatzaileen partetik. Kasu honetan, neguan ibili gara asko, eta akustikoa egitearen arrazoiak ez dira beti artistikoak izan. Herri txikietara ez da erraza talde elektriko handia eramatea. Eta horietan oso baliagarria egiten da. Gero, beste lana ezagutzen duten horientzat, akustikoa gehigarri bat da, zerbait ezberdina.
Gertutik ikusteko emanaldia beraz.
Zenbait eta gertuago hobe, baina ez beti areto txikietan. Erraldoien Txokoa ez da bereziki txikia, baina bai gertua. Eta horrelako tokietan bereziki ondo funtzionatzen du. Beste erlazio bat sortzen da publikoarekin, hitzari esker batez ere. Kantuak beste modu batera entzuten dira, beste giro batean biltzen dira. Esan daiteke gertuagotik entzuten dela. Niretzat beste motatako ariketa bat da.
Hain ezberdina da taldearekin eskaintzen dituzun kontzertuak baino?
Beste emanaldiekin parekoa daukana gehiago da desberdintzen duena baino. Nire kantuak dira eta ni naiz kantatzen duena. Baina beste era bateko emanaldia da, beste irakurketa bat da. Beste modu batera ematen dira kantuak, eta beste komunikazio bat sortzen da.
Kantuak asko moldatu behar izan dituzue?
Ez, baina erritmoak bere marka uzten du, eta ornamentazio asko ere bidean gelditzen da. Beti ere sakonera egiten duzu, kantuen muinera gehiago, eta konponketa gutxiago dago. Dena den, sasoi guztietako kantuak biltzen ditugu, taldearekin aspalditxo jotzen ez ditudanak, eta zenbait berri ere.
Emanaldi hauetatik disko berririk aterako da?
Ez zehazki, baina disko bat egin nahian ari naiz, eta uste dut gehiago lotuko dela modu honekin. Dena den, kantu berriak izango dira guztiak, nahiz eta sonoritate aldetik akustikoari hurbilduko zaion. Pentsatzen dut aurten atera daitekeela.
Hiru Trukurekin izan zara, Bernardo Atxagarekin Kuban ere bai. Esperientzia ezberdin guzti hauek eragina daukate gero musika egiterakoan?
Eragin handia dutela esango nuke. Beste testuinguruetan aritzea oso baliagarria da niretzat. Momentuan ez dut hartzen atarramentu handirik, baina denboraren poderioz konturatzen naiz horrek asko babesten nauela nire eginkizunetan. Hiru Truku talde berezia da, kantu zaharrak berreskuratzen dituelako. Eta kantu horiek inspirazio handia dira niretzat, erromantze luze horiek kantatzeak ahalegin berezi bat eskatzen dute. Oso eskola handia izan da niretzat Bixente Martinez eta Joseba Tapiarekin aritu izana. Gero, Bernardo Atxagarena hasierako kantuak berpiztea izan da.
Metak diskoetxearekin atera zenituen azken lanak. Hori errepikatzea ez da posible izanen, diskoetxeak itxi baitu.
Hasieran etsipenez hartu nuen, baina egunotan gehiago kezkatzen nau gertatu zenean baino. Galera handia izan da. Hau dena aztertzeko mundu mailan begiratu beharko genuke. Oraintxe Estatu Batuetan egon naiz, eta begien aurrean ikusi dut diskoen garaia bukatzear dagoela erabat. Disko dendak ixten ari dituzte etengabe, eta jendeak interneten erosten du musika, eta askotan gainera jaitsi ordaindu gabe. Testuingurua horrelakoa da.
Gure egoera ona inoiz ez dela izan kontutan hartuz, gauza ez dago baikor izateko moduan.
Euskal Herrian oraintsu arte askok ilusioa mantendu dute halako egoerak bakarrik diskoetxe handiei eragingo liekeela pentsatuz. Baina horiei kalte egiten badie, txikiei gehiago oraindik. Flotazio lerroan jotzen du, eta hori gertatu zaio Metak-i. Berri txarra izan dela uste dut, eta baita egoera baten adierazpide. Zerbait berria sortuko dela pentsatzen dut. Aldaketa handi baten erdian gaude.
Orokorrean, ahalmen sortzaile guztiei eragiten dien krisia.
Zibernetikarekin harreman duen guztiak pairatzen du egoera hau. Digitalizazio munduak aldaketa sakona ekarri du, eta ez bakarrik numerikoa, kualitatiboa ere bai. Horrek beste sormen iturri bat ekarriko du, eta beste egarri bat. Tresna hauek hobeto menperatu arte egongo gara pasarte hauetan. Gero, hori gaindituta, ez dakit nolako eragina izango duen industrian. Ez dakigu zer gertatuko den hamar urte barru. Baina sortzailearen munduan ez dut dudarik aldaketa sakonak ekarriko dituela. Inprentak edo zineak beren garaian ekarri zuten bezala. Horrenbesteko edo gehiagoko pauso bat da.
Eta minoriak badauka etorkizunik?
Krisialdi baten erdian gaude, eta ganoraz jokatu behar dugu, ongi pentsatuz. Batzutan, minoriak garenok, gure tranpetan erortzen gara. Gutxiengoa izaki, are minoritarioago nahi dugu izan, oso selektoak gure alorrean. Eta gero edozein kolpe hartuta, hondoratu egiten gara. Oso erabaki sendoak hartu behar ditugula uste dut. Euskal alorrean eskaintza eskaeratik oso gora dago. Idazten da irakurtzen dena baino askoz gehiago, grabatzen dira sekula entzungo ez diren diskoak, eta abar luze bat. Oso zaila da merkatu hori oinarri horietan mantentzea. Baina aldi berean badago egarri bat, interes handikoa eta oso kualifikatua den minimo bat. Gure gauzak arretaz hartzen dituena, eta hori egilearentzat oso gauza handia da. Industria minimo bat eusteko indarra izatea da gure erronka.