iruñea. 35 urte daramatza Udako Euskal Unibertsitateak ikastaroak eskaintzen, alegia, udaran goi mailako formazioa eta euskara uztartzeko aukera emanez. Urtero, baina, berrikuntzak aurkezten dituzte aurten lelotzat aukeratu duten esaldaiari men egin eta Uda zure neurrira eginez. Beraz, egungo gizarteak dituen beharrak asetzeko pentsatuta daude atzo aurkeztu zituzten 30 ikastaroak, hain zuzen, Eibarren (12 ikastaro, uztailaren 2tik 13ra), Baionan (8 ikastaro,cuztailaren 9tik 13ra), Iruñean (10 ikastaro, uztailaren 16tik 20ra) eta Lizarran (hiru hitzaldi) gauzatuko direnak. Hala, UEUko zuzendari Lore Erriondok atzoko aurkezpenean adierazi zuenez, "tokian tokikoak, iraupen eta ordutegi desberdinetakoak, joan-etorriak errazten dituztenak eta betiko kalitate eta giroaren labela" daukate aurtengo ikastaroek. Izena emateko epea jadanik irekita dago eta ekainaren 21ean amaituko da (www.ueu.org helbidean egin daiteke). Matrikulazio prezioa, bere partez, 34 eta 180 euro artekoa da. Nolanahi ere, UEUk 20 beka emanen ditu ikasle eta langabetuentzat eta Euskal Herriko hainbat Udalek ere laguntzak eskainiko dituzte.
Berrikunztei dagokinez, Iruñean egoitza aldaketa izanen da, azken 25 urteetan Larraona ikastetxean izatetik Hizkuntza Eskolara pasako baitira, "Iruñeko bihotzean dagoelako eta bertako azpiegiturek gure beharrak hobe asetzen dituztelako", Udako Ikastaroetako arduradun Irati Iciarrek argitu zuenez. Baionan Bernat Etxepare lizeoan izanen dira eta Eibarren, berriz, UEUko egoitza nagusi Markeskoa Jauretxean. Gainera, lehen aldiz, Eibarren ikastaroen iraupena luzatuko da, bi aste iraunen baitute.
Udara honetan, halaber, Lizarran hitzaldi sorta bat eskainiko dute lehenbizikoz, bertako Udalaren laguntzaz (Fray Diego Kultur Etxean). Izan ere, lehen aldia da Nafarroan ikastaroak Iruñetik ateratzen dituztela. UEUko Nafarroako arduradun Saioa Jaimek berrikuntzaren arrazoia eman zuen: "Euskarazko irakaskuntza unibertsitarioa Nafarroako eremu ezberdinetara zabaltzeko eginen ditugu hitzaldiak Lizarran, beti ere, hiriburua ahaztu gabe".
Aurreko urteetan Udako Ikastaroak barnetegien antzera antolatu badira ere, aurten antolatzaileek ostatua kendu dute programatik, "jendeak geroz eta gehiego joan eta etorri egiten zuelako", zehaztu zuen Iciarrek. Hala ere, egoitza behar duten ikasle guztiei lagunduko diete ostatua topatzen.
Ikastaroetaz aparte saio osagarriak ere eskainiko dituzte, modu irekian eta doanekoak izanen direla. Saio horiek tokian tokiko euskaldunei zuzenduta egonen dira.