iruñea. Askotan "oinarri teoriko finkorik gabe egin izan dira hizkuntza-plangintzak", beraz, horien inguruko ezagutza areagotu eta hausnartzea izan du helburu Soziolinguistika Klusterrak eta UEUk elkarlanean antolatu zuten hizkuntza-plangintzen inguruko ikastaroak. Soziolinguistika Klusterreko teknikari eta ikastaroaren antolatzaile Lionel Jolyk "normalkuntza umeetatik helduenganako zerbait izan behar dela" adierazi zuen.
Gero eta plangintza gehiago egiten da euskararen normalizazioaren inguruan. Euskal Herri osoan, baina, "ez da era berean egin", Jolyren arabera. "EAEn aurrerapauso handiak egin diren artean, Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan ez da gauza bera gertatu", gaineratu zuen. Hala, plangintza horiek sustatu eta euren oinarrian dagoen teoria landu zuten UEUko ikastaroan.
"Euskara umeen hizkuntza bihurtzen ari da hainbat jarrerengatik, planifikazio guztia horientzat egin delako". Eta hori akatsa da Jolyrentzako: "Helduengana ere zabaldu behar da, bestela, gazteak nagusitzean beti pasatuko dira erdarara, erdara helduen hizkuntza delakoan".
Plangintzak egin, egiten dira. Baina gero, eraginkorrak al dira? Lionel Jolyren iritziz, "ebaluazioan indar dezente egin behar da". Izan ere, "erronka ugari ditu euskararen normalizazioak, eta zailtasunak ere ugari", amaitu zuen teknikariak. >d.n.