IRUÑEA. Jadanik 21 edizio beteko dituen Egile berrientzako euskarazko Literatur Lehiaketan parte hartzeko deialdia egin du Iruñeko Udalak. Lehiaketa honen xedea egile berriek egindako literatur lanik hoberenak saritzea da, hauek nafarrak izan edo helbidea Nafarroan finkaturik eduki beharko dutela.
Orotara, lehiaketan hiru modalitatetan parte hartu ahalko da: poesia, narrazioa eta bertso-paperetan, bakoitzak 2.100 eta 1.000 euroko sari bana dituela. Egileek lan bakarra aurkezten ahalko dute modalitate bakoitzeko eta lanak aurkezteko mugaeguna urriaren 20 da. Idazlanek gai librea izanen dute eta euskaraz idatziak beharko dute izan, jatorrizkoak eta aurretik argitaratu gabeak. Kontutan hartu beharra dago haien izenpean literatur obrarik argitaratu duten egileek ezin izanen dutela lehiaketan parte hartu.
Iruñeko Udalak izendatuko duen epaimahaiak Udaleko Kultura eta Turismo zinegotzia izanen du epaimahaiburu, eta lehiaketaren gaietan aditu diren lau pertsona epaimahaikide, horietako hiru Nafar Ateneoak, Euskaltzaindiak eta Nafarroako Bertsozaleen Elkarteak proposatuta. Laugarrena zinegotziak berak zuzenean izendatuko du literatur adituen artean.
Aipaturiko sariez gain, epaimahaiak lau aipamen berezi eman ahal izanen ditu gehienez ere, hauek zein modalitatetan aurkeztu diren kontutan hartu gabe. Udalak saritutako lanak argitara emanez gero, aipamen berezi hori eskuratu duten lanak ere argitalpen horietan jasoko dira. Lanak, izenorde batez sinaturik, Iruñeko Udaleko Erregistro Orokorrean edota erregistro osagarrietan aurkezten ahal dira. Lehiaketari buruzko informazio eta zehaztasun gehiago nahi dutenek, Iruñeko Udalaren web orrian (www.pamplona.es ) eskura dezakete.