IRUÑEA. Soilik Hezkuntzari lotutako kalitate eredu europar bakarrari dagokion ziurtagiri proiektua aurkeztu berri dute Ikastolen Elkarteak, Partaide erakundeak eta Horreum fundazioak elkarlanean. Eredu berri honi Kalitate Egitasmo Integratua -KEI- deritzo eta Manuel Alvarez adituaren eraginez sortu da. Jadanik argia ikusi duen proiektu honek aurretik esperimentazio fase bat igaro du, bertan Nafarroa, Araba, Bizkaia nahiz Gipuzkoako 696 irakaslek parte hartu dute eta 6.000 ikaslerengan izan dute eragina.
Iruñeko aurkezpenera bai ikastoletako ordezkariak baita ere Hezkuntza Administraziokoak gerturatu ziren, hizlariak Teresa Aranaz, Nafar Gobernuko Hezkuntza Saileko zuzendaria; Izaskun Arratibel, Nafarroako Ikastolen Elkarteko (NIE) lehendakaria; Juan Jose Gomez, Kalitate arduraduna erakunde berean eta proiektuaren koordinatzailea ikastolen eremuan; eta Esther Garaialde, Altsasuko ikastolaren zuzendaria izan zirela.
Hezkuntzaren alorretik eta Hezkuntzarako bakarrik sortu izana da KEI eredu honen ezaugarri nagusia. 2000. urtean hasi zuen bere ibilbidea, PCI (Proyecto de Calidad Integrado) izena hartuta. 2001ean itsatsi zitzaion ikastola taldea eta orduan hartu zuen KEI izena. Geroztik, Partaide eta Horreum elkarren eskutik joan dira, proiektua garatuaz eta onduaz; izan ere, bi hauek agentzia sortzeko jardunean ari dira eredu honi dagokion ebaluaketa eta ondoriozko ziurtagiriak emateko.
kanpoko auditoria 5 urtero Eredu honetan kanpoko auditoria bost urtero burutzea proposatzen da, etengabeko hobekuntza bermatzeko edota balizko atzerapausoak ezagutzeko. Ebaluazio-irizpideak, bestalde, zehatzagoak dira, ebaluatzaileak interpretaziorako ahalik eta tarte txikiena izan dezan.
Asko dira jada eredu honetan murgildurik ari diren ikastetxeak, jabetza publikokoak zein itunpekoak, Estatu Espainolean zein Latinamerikan. Ikasturte honetan, hala ere, lehenengoz ikastetxe batek lortu du kanpoko ebaluazioa gainditzea, Altsasuko Eneko Aritza Ikastolak hain zuzen ere. Egoera honek bultzatu ditu arestian aipatutako erakundeak ziurtagirian pentsatzera, ikastetxe bakoitzak lortutako kalitate maila babesteko, baita ere meritu hori sozialki aitortua gera dadin. >o.f.z.