Iruñea.Zer egin ahal izan duzue lehen urte honetan?
Lehen urte honetako lana Nafarroako egoeraren diagnostikoa egitea izan da, bai Departamentuan eta baita ikastetxeetan ere; hau da, Berdintasun Legeak dioena betetzeko egin beharko genukeenaren argazkia ateratzen aritu gara. Diagnostikoa egiteko datu bilketa amaitzear dugu. Diagnostiko honetatik zenbait lan proposamen aterako dira, Hezkuntza Departamenduko Berdintasun Plana izango direnak. Plan hau, onartu ondoren, ikastetxeetara iritsiko da, eta zentru bakoitzak Plan honekiko bere diagnosia egingo du. Ondoren, beren eguneroko jardueretan zer sartu nahi duten erabakiko dute: emakumeen lidergoa, emakumeen eragina historian, emakumeak kirol munduan... Departamenduak diagnostikoa egingo duten ikastetxeak babestuko ditu.
Berdintasun gaiaren inguruan, zein da Nafarroako egoera?
Estatuko beste lekuekin alderatuz gero ez da desberdina. Momentu interesgarri batean gaudela iruditzen zait. Berdintasun Erakunde desberdinetatik gai honi bultzada garran-tzitsu bat eman nahi zaio. Gizartean badago gai honekiko sentsibilitate eta akordioa.
Zer erakutsiko luke egungo egoeraren argazkiak?
Datuak ez dira emakumeen aldekoak. Heziketarako sarbidea lortua dugu, unibertsitatean neskek emaitza hobeak lortzen dituzte. Baina lan mundurako sarbidea ez da neurri berean ematen, ez gara zuzendaritza postuetara iristen. Badago aldatu beharreko zerbait: emakumezkoen aukerak ez dira ez irekiak, ez arrakastatsuak; ezinezkoa gertatzen da etxea eta lana elkartzea. Gizona eta emakumea eremu publikoan eta pribatuan egon ahal izateko beharrezkoa da gizartearen konpromezua, zerbitzuak eskainiz: ludotekak, udako kanpaldiak, haurtzaindegiak...
Zein da egin beharreko lanaren helburua?
Estereotipoak ezabatzeko egingo dugu lan. Hezkuntza Sailetik egingo den guztia berdintasun irizpide batetik egina izatea lortu behar dugu. Helburua honakoa litzateke: egungo ikasleak ikasketak bukatu ondoren lan mundura mormaltasun eta berdintasun handiagoarekin txertatzea. Aukeratzeko orduan libreagoak izatea. Emakumeek ez dezatela lana eta familiaren artean aukeratu behar. Gizon eta emakumeen arteko harremanak berdintasunean oinarri daitezela, eta adeitsuagoak izan. Hau da, emakumeentzako irteerek hobekuntzak jaso ditzatela.
Eskola eremuan landu beharreko gaia al da?
Gaia hasieratik aldatu behar da, familiatik, komunikabideen ikuspegia, jokuak... Ikastetxeetan ikasten denak aldaketa behar du. Gazteek aldaketa honetako elementu aktiboak direla jakin behar dute. Nola jokatzen dugun aztertu behar dute eta aldatu nahi duguna antzeman.
Eta etxean ba al dago zer eginik?
Heziketak etxetik hasi behar du, haurrak txiki-txikiak direnetik. Ezinezkoa da neskei berdinak direla esan eta ondoren neska edo mutila izateagatik desberdin eskatu. Etxean jasotzen diren baloreak oso garran-tzitsuak dira eta beharrezkoa da familietan formakuntza egitea.
Berdintasuna lortuko dugu?
Bidean gaude, baina berdintasuna lortzea urte askotako gauza izango dela uste dut. Gizakiak barneko gauzak aldatzea eskatzen duen prozesua da. Estereotipoak txikitatik ikasi , oso barnean geratzen dira eta aldaketa zaildu egiten da. Balore hauek belaunaldiz-belaunaldi transmititzen dira. Hau etetea zaila da. Bide onean gaudela deritzot; gizarteak, gobernuak, herri administrazioak... jarrera ona erakusten dute. Egin nahi bat badago, aukera baten aurrean gaude. Europear Batasunetik berdintasunaren aldeko aldaketa eskatzen ari dira. Ahalegin handia egin beharko da.
Nor dago lortzetik gertuago, helduak ala gazteok?
Berdintasunak pertsona guztiengan egon behar du. Errazagoa da jende gazteak jokamoldeak entseiatzea, baina modu batera jokatzeko hezitako gizon eta emakumeak gauza askori buelta ematen ikusi ahal izan dugu. Ondorioz, gaztetan eta helduetan lor daitekeen zerbait delakoan nago. Gazteek aurka dute hausnarketa eza, lan munduan murgildu arte ez dutelako desberdintasun hori bizi. Gaztetan desberdintasun horri begiratzen erakutsi ezean ezinezkoa da gero zerbait aldatzea.
Azaroaren 25a Genero Indarkeriaren Aurkako Eguntzat hartzeak baliorik ba al du?
Egunak egoera bat bistaratzeko balio du, baita gizartearen konpromezua eta erantzuna ikustarazteko ere. Garrantzitsua da egun hori ospatzea eta hartaz hitz egitea. Mahai gainean jarri da badagoen arazoa dela, ikusgai egin da eta, ondorioz, arreta handiagoa eskeintzen zaio. Ez emakumeei soilik, gizarte osoari axola zaion gaia dela ikusten hasi gara. Gai honekiko gizonezkoen konpromezuaz hitz egiten hasi da. Gizonezkoek genero indarkeriaren aurkako ahotsa altxa dute.